Homo homini lupus

2010-11-07

"Neska gazteek erraz ulertzen dute ablazioa menpekotasuna dela"

Hona hemen Arantxa Iraolak 2007ko Martxoan idatzitako berria Mugak aldizlarian. Berrian ikusi daiteke nolakoa den emakueen egoera afrikako herrialde batzuetan.


"Menpeko izatea beste esperantzarik gabe sortzen dira milioika emakume Afrikan: pobreziaren esklabo, senar eta bikotekideen neskame, gizarteko arauen mirabe. Ondo ezagutzen ditu Genevako IAC Erakunde Interafrikarreko zuzendari Berhane Ras Work – ek (1947, Gonder, Etiopia). Aste honetan Donostian izan da, Haurralde Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatutako Afrikar Emakume eta Neskatilei eragiten dizkieten Praktika Tradizional Kaltegarriei Buruzko Mintegian parte hartzeko. Genitalen mutilazioa izan du hizpide, emakume eta neskatilen kontra egiten diren beste hamaika jarduera lazgarrirekin batera.

Genitalen mutilazioa Afrikako herrialde askotan egiten zaie emakumeei. Tradizioan oinarritzen dira, edo erlijioan?

Tradizioa da ablazioaren ardatza, baina, ezin uka, tradizioa osatzeko orduan garrantzi handia izaten du erlijioak. Biak nahastu egiten dira. Oro har, buruzagi erlijiosoek diote emakumeei genitalak erauztearen kontra daudela, baina, hala ere, erlijioa askotan mozorrotu egiten da, eta tradizioarekin bat egiten du horrelako jarduerei sostengua emateko.

Zein adinetan egiten zaie neskatoei?

Afrikan denera 28 herrialdetan egiten da genitalen erauzketa, neurri batean edo bestean. Batzuetan, ia neskato guztiei egiten zaie; beste batzuetan, gutxiri. Leku batzuetan, jaio eta segituan egiten zaie umetxoei, jaio berritan, zazpi egun baino ez dituztela… Beste batzuetan, berriz, 16 – 17 urte bete arte ez zaie egiten. Leku horietan, genitalen erauzketa helduaroan sartzeko modu bat izaten da neskatoentzat.

Mutilazio horien ondoriorik larrienak zein dira?

Heriotza bera, hori da nagusia. Eta sufrimendua, sufrimendu handia dakar.

Horrelako jardueren kontra ari zaretenok nola egiten duzue jendearengana heltzeko?

Lehenik eta behin, argi utzi behar da tradizioa ez dela estatikoa: aldatu egiten da. Kasu honetan, gizarte mailako jarrera hori aldatzeko hainbat estrategia erabili behar izaten ditugu; norekin mintzatzen ari garen, halako argudioak erabiltzen ditugu. Sudanen, esaterako, musulmanak dira gehienak, eta erlijioak garrantzi handia du. Horregatik, osasunaren ikuspegitik aurkezten diegu hango herritarrei auzia. Emakumeei mintzatzen gatzaizkie, eta gizonei ere bai: «Ez al duzu ikusten mutilazioaren ondorioz zure emaztea sarri minez egoten dela? Erditzean gaixotu egiten da, sexu harremanak izateko garaian ere oinazea izaten du… Zure alabarentzat ere hori nahi duzu?». Afrika mendebaldean, berriz, batez ere gazteentzako mezuak plazaratzen ditugu. Herrialde horietan nerabe direla egiten zaie genitalen erauzketa neskatoei, eta beraiek zuzenean ohartarazten ditugu auziaren gainean. «Ona izango al da hori zuentzat?», galdetzen diegu. «Garbiagoak izango al zarete mutilatuta? Politagoak?».

Ez da erraza izango. Mezu horiei muzin egiten dien jendea erruz aurkituko duzue, ezta?

Halaxe da. Auzi hauei buruz mintzatzen hastean, lehen erreakzioa mutilazioen ukazioa izaten da; jendeak ez du ezertxo ere onartzen, dena ukatzen du…

Tabua da genitalen erauzketaren auzia, beraz?

Bai, halaxe izan da urte askotan. Gakoa, hein handi batean, komunitate bakoitzean jarduera horien kontrako mezua helaraziko duten bitartekari egokiak aurkitzea izaten da; guri akaso ez digute jaramonik egingo, baina beren komunitatean errespetatzen duten ordezkari bati, bai. Prozesu hauetan, oro har, ezinbestekoa da pazientzia handiz jokatzea; ez da konfrontazioa bultzatu behar, jendea poliki – poliki aldaketara bultzatzea baizik.

Emakumearen menpekotasun egoera dago, argi eta garbi, jarduera horien atzean. Horrelako mezuak zail ulertu eta onartuko dira, ordea, oso gizarte tradizionaletan. Nola azaldu?

Herrixka batean bizi den emakume eskolatu gabeari ez diozu, bada, esango zapalduta bizi dela! Osasunari buruz hitz egiten diegu, eta alde horretatik mutilazioak dituen arriskuei buruz. Eskolatutako neska gazteen artean mintzatzen garenean, ordea, erraz ulertzen dute ablazioa gizonarekiko menpekotasuna dela.

Afrikako gobernuen sostengua sentitzen duzue zuen borrokan? Behar adinako kontzientzia badute?
Bai, badugu haien sostengua; ez da behar adinakoa, baina badugu. Alor teorikoan ondo moldatzen dira, mintegietan parte hartzen dute, eta deklarazioak izenpetzen dituzte… Ekiteko orduan, ordea, askoz ere makalago aritzen dira. Badira salbuespenak; Burkina Fason, esaterako, neurri eraginkorrak hartu dituzte, baina beste gobernu asko behar baino txepelago ari dira.

Genitalen erauzketaz gain, beste hamaika jarduera ere ohiko dira Afrikan emakumeen duintasunaren kontra…

Horrenbeste dira! Neska kozkor asko, esaterako, oso umetan ezkontzera derrigortuta aurkitzen dira, eta bahiketak ere ohikoak izaten dira zenbait herrialdetan. Emakume alargun askok ere une zailak pasatzen dituzte; senarra hil ostean, haren heriotza leporatzen diote ingurukoek, errudun bihurtzen dituzte… Bada beste jarduera bat ere Kamerunen, beldurgarria: neskatoei bularrak zanpa – zanpa egiten dizkiete ez hazteko eta, modu horretan, mutilentzat erakargarri ez izateko.

Heziketa giltzarri da horrelakoen kontra, ezta?

Emakumeen heziketa, lehenik eta behin. Emakumeek beren gorputza ezagutzea ezinbestekoa da; nolakoa den, nola aldatzen den, klitoria zertarako den… Emakume askok ez dakite. Garrantzitsua da, jakina, gizonezkoak ere gai honen inguruan heztea, emakumeen osasunaren alde egitera bultzatzea.

Nazioarteko elkartasuna ere garrantzitsua izango da horrelako auzi bati aurre egiteko…

Oso garrantzitsua. Kasu honetan Afrikako emakumeei buruz ari gara, baina munduko beste leku askotako emakumeei buruz ere ari gintezke. Beharrezkoa da horretarako foro egokiak zabaltzea. Eta bidean hedabideek ere oso egiteko garrantzitsua dute."

No hay comentarios: